Ingurumen saila

Zerbitzuaren deskribapen orokorra

Legutioko Udalak ingurumen arloan espezializatutako teknikari aholkulariak ditu, alde batetik kanpoko aholkularitza zerbitzua eta bestetik Gorbeialdeko Kuadrillako ingurumen teknikariak eskaintzen duen zerbitzua. Zerbitzu hauen bidez udalak dituen betebeharrei erantzuten zaie eta herritarrei ingurumen-arloarekin lotutako alderdiei buruzko aholkuak eta informazioa emateko ere.

Jarraian, labur-labur, ingurumen-zerbitzutik egiten diren lanak eta zerbitzuak zehazten dira: 

  • Udalerriko jarduera ekonomikoen tramitazioa, jarraipena eta ikuskapena.
  • Jarduera sailkatuaren lizentziak kudeatzea eta izapidetzea.
  • Hondakinen eta gaikako bilketaren arloko aholkularitza teknikoa.
  • Konpostaje-proiektuak koordinatzea eta kudeatzea.
  • Ingurumen-hezkuntzako programak koordinatzea eta bultzatzea.
  • Ingurumen-sentsibilizazioko kanpainak koordinatzea eta bultzatzea.
  • Energia-eraginkortasunaren arloko aholkularitza teknikoa.
  • Tokiko iraunkortasunaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko ekimenak bultzatzea.
  • Ingurumenaren arloan (hondakinak, energia, biodibertsitatea, etab.) dirulaguntzak eskatzeko eta izapidetzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa.
  • Gorbeialdeko natura-ondarea eta biodibertsitatea babesteko, kontserbatzeko eta sustatzeko proiektuak garatzea.
  • Klima-aldaketari laguntzen dioten berotegi-efektuko gasak (BEG) murrizteko jarduerak eta neurriak garatzea.
  • Energia berriztagarriak ezartzeko proiektuak garatzea eta bultzatzea.
  • Herritarrek parte hartzeko dinamikak bultzatzea eta koordinatzea.

2030 Agenda

Los Objetivos de Desarrollo Sostenible (ODS) y la salud global - Proyecto -  ISGLOBAL

Legutioko Udala zeharka ari da lanean, tokiko ikuspegitik Nazio Batuen 2030 Agendan ezarritako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak lortzen laguntzeko.

Hainbat estrategia sektorial integratu nahi dira, garapen iraunkorrari laguntzen dioten tokiko politikak koordinatzeko eta behin betiko zeharkatzeko behar den aldaketa eragiteko.

Legutioko Ingurumen Babesa

Legutioko Udalak ingurumenari buruzko udal-ordenantza du. Ordenantza horren bidez, toki-araubidea bat dator Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko ordenamendu juridikoekin, eta sistema bakarra eratzen du ingurumenaren kalitatea zaindu, babestu eta hobetzeko, pertsonen osasuna babesteko eta baliabideak zentzuz erabiltzeko. 

Ingurumenaren esparru juridikoa nabarmen aldatu da azken urteotan, eta horrek Legutioko Udal Ordenantza aldatzeko beharra ekarri du. Ordenantza honen aldaketa oinarrizko bi irizpideren arabera arautzen da. Alde batetik, Legutioko Udalak eragile guztien erantzun kidetasuna ikusi nahi du ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesean aktiboki parte hartzeko orduan, eta, beraz, Ordenantza eragile horien inguruan antolatzearen aldeko apustua egin da (herritarrak, ingurumenean eta pertsonen osasunean eragina duten jarduerak, eta Udala bera)

Bestalde, oro har, udalaz gaindiko arauetan jasotako legezko baldintzak Ordenantzan sartzea saihestea erabaki da, edukien bikoiztasuna saihesteko, bai eta udalaz gaindiko lege-esparrua aldatzen denean Ordenantza aldatzeko beharra ez izateko ere. Horrela, Ordenantzak arautzen dituen edukiak eragile mota bakoitzari dagozkion betebeharrak betetzea erraztera bideratutako alderdi zehatzetan zentratzen dira batez ere.

Eranskina Tamaina
INGURUMENEAN ERAGINA (160.32 KB) 160.32 KB
Legutioko Ingurumena babesteko ordenantza (326.94 KB) 326.94 KB
Ingurumena babesteko ordenantzaren eranskinak (398.6 KB) 398.6 KB

Legutioko Udalak, Arabako Lurralde Historikoko Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 19ko 41/1989 Foru Arauaren 20. eta 25. artikuluetan, Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 14ko 185/1995 Epaian eta uztailaren 13ko 25/1998 Legean ezarritakoaren arabera, ingurumenean eragina duten jarduerei buruzko zerbitzu tekniko eta/edo administratiboak emateagatik tasak ezartzen ditu. Tasa horiek ordenantza fiskal honen bidez arautuko dira, bertan aurreikusi ez denerako tributuen bilketa, ikuskaritza eta kudeaketaren eta beste diru-sarrera publiko batzuen arloan aplikatzekoa den araudian xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe.

Larrialdi Klimatikoaren aurkako ekintza

Legutioko Udala Klima eta Energia Plan bat egiteko fasean murgilduta dago. Plan horrek udalerriaren egoeraren diagnostikoa izateko balioko du, indarrean dagoen energia-araudiari eta egungo energia-eskaerari dagokienez, eta klima-aldaketa arintzeko helburuak eta jarduketak ezarriko dituen ekintza-plan bat ezartzeko ere.

Hondakinen bilketa eta kudeaketa

Zergatik da garrantzitsua hondakin organikoak gaika kudeatzea? 
 
AFAk egindako azterketen arabera, gainontzeko frakzio-edukiontzira botatzen diren hondakinen % 47 inguru jatorri organikoko hondakinak dira. 
Beraz, zati organikoak, zalantzarik gabe, gaikako bilketari eta kudeaketari dagokienez hobetzeko abagunerik handiena duen hondakin-tipologia adierazten du. 

Informazio gehiago: https://web.araba.eus/eu/ingurumena/hondakinak 

Frakzio organikoa kudeatzeko eta gaika biltzeko hainbat eredu daude, baina Legutio bezalako udalerri baten ezaugarriak kontuan hartuta, eredu deszentralizatuaren alde egiten da. 

Izan ere hau da Legutioko udalerrian sortzen den hondakin organikoa bertan kudeatzeko eskaintzen duen alternatiba, planta handietara garraiatu eta tratatzeko beharrik gabe, ingurumenean sortutako inpaktua erabat murriztuz. 

Beraz, hondakinen frakzio organikoa maila lokalean kudeatzeko eredu bat proposatzen da, alternatiba jasangarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena, etxeko/banakako konpostajean eta auzo konpostajean oinarrituta.

Zer aukera ditugu Legution konpostajea egiteko? 

Legution konpostajea egiteko BI aukera nagusi daude: 

1. ETXEKO EDO BANAKAKO KONPOSTAJEA 

 Konpostaje prozesua banaka eta modu partikularrean egiten da. 
Txalet moduko etxebizitzetan edo baserrietan bizi direnentzat egokia den alternatiba da. Hau da, konpostagailua jartzeko lursail bat duten pertsonentzat gomendatzen da aukera hori. 

Udalak konpostaje prozesua banaka egiteko beharrezkoak diren materialak doan eskatzeko aukera ematen du. 

Honako material hauek eskatzeko aukera eskaintzen da: 400 litroko konpostagailua, aireztatzailea eta 10 l-ko kuboa bio-hondakina biltzeko. 

Material horiek eskatzeko, eskaera-orri hau bete eta udalean entregatu behar da, edo eskaneatuta bidali behar da "ingurumena@gorbeialdea.eus" helbide elektronikora.  

Eranskina Tamaina
Etxeko konpostajea eskatzeko eredua (504.11 KB) 504.11 KB

2. AUZO KONPOSTAJEA 

Zer da auzo konpostaje gune bat? 

Auzo konpostaje gune bat, komunitate edo etxebizitza-eremu jakin batek etxeetan sortzen diren hondakin organikoak erabilera komuneko konposta gailuetan bereizi ahal izateko prestatutako gunea da. 
Bizi diren etxebizitza-tipologia dela-eta, konpostagailua jartzeko lursailik ez duten pertsonei zuzendutako alternatiba bat da, batez ere. 

Zeintzuk dira Legution dauden auzo konpostaje guneak? 

Gaur egun, hiru auzo konpostaje gune daude Legution, eta beste bat Urrunagan. 

Komunitateko konpostaje-eremuak Legution: 

- Elixoste 
- Basatxi 
- Luberi 

Nola har dezaket parte auzo konpostaje-eremuetan Legution? 

Auzo konpostaje guneetan parte hartzeko, beharrezkoa da eskaera-orria bete eta udaletxean entregatzea. 

Entregatu ondoren, udal teknikaria harremanetan jarriko da hitzordu bat zehazteko. Bertan, eskatzaileei parte hartzeko modua azalduko dio eta beharrezkoak diren materialak emango dizkie.

Eranskina Tamaina
Auzo konpostajea eskatzeko eredua (474.94 KB) 474.94 KB

PUNTU BERDE MUGIKORRA

Puntu berde mugikorra etxe partikularretan, saltoki eta enpresa txikietan sortzen diren hondakin bereziak biltzeko zerbitzua da. Hondakin horiek ezin dira bota hiri hondakinak biltzeko ohiko edukiontzietara. 

Zer motatako hondakinak jasotzen ditu Puntu Berde Mugikorrak?

  • Tamaina txiki eta ertaineko hondakin berrerabilgarriak, "bigarren bizitza" proiektuan erabiltzeko.
  • Aerosolak, produktuz beteak.
  • Motorren eta sukaldeko olio erabilia.
  • Bateriak (nikel-kadmiozkoak, berunezkoak, ioi-litiozkoak, etab.)
  • Bonbillak/fluoreszenteak.
  • Tinta kartutxoak eta inprimatze tonerrak.
  • CDak, DVDak, bideokaseteak.
  • Aerosolen ontzi hutsak
  • Nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen ontziak
  • Etxeko produktu arriskutsuen ontziak (garbiketa produktuak, etab.)
  • Jostailuak
  • Pneumatikoak (1,20 m baino gutxiagoko diametrodunak).
  • Zurezko eta metalezko tresna txikiak
  • Botoi-pilak, alkalinoak eta grafitozkoak, tamaina edozein dela ere.
  • Pinturak, bernizak, disolbatzaileak (halogenatuak eta ez halogenatuak).
  • Produktu fitosanitarioak, iraungita daudenak edo erabiltzen ez direnak.
  • Erradiografiak.
  • Hondakin elektriko eta elektronikoak (etxetresna elektriko txikiak).
  • Informatikako hondakinak (ordenagailuak, teklatuak eta antzekoak).
  • Etxeko hondakin arriskutsuak (garbiketako produktuak eta antzekoak).
  • Ehunak: arropa, oinetako erabiliak eta osagarriak.

EGUTEGIA ETA ORDUTEGIA

BAIMENDUTAKO ERABILTZAILEAK: 

Partikularrak, denda eta zerbitzu txikiak, ostalaritza, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak eta enpresa txikiak (*). 

* Enpresa txikiek beren ekoizpen-prozesutik EZ datozen hondakinak bakarrik bota ahal izango dituzte; izan ere, baimendutako kudeatzaileen bidez kudeatu beharko dituzte, ingurumenari buruzko araudiaren arabera. Adibidez: automobilgintzako tailer batek bonbillak utzi ahal izango ditu, baina ez pneumatikoak, eta argiketariak pneumatikoak utzi ahal izango ditu, baina ez bonbillak.

 Zerbitzu hau Arabako Foru Aldundiak eguneratu dezake. Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi AFAko webgunea

• BESTELAKO HONDAKINEN BILKETA: TRESNAK, ALTZARIAK ETA ETXETRESNA ELEKTRIKOAK 

Gorbeialdeko Kuadrillak doako zerbitzua eskaintzen du tamaina handiko hondakinak biltzeko, edo tipologia dela-eta ohiko edukiontzietan onartzen ez direnak biltzeko. 

Partikularrei (enpresak ez direnei) soilik zuzendutako DOAKO zerbitzua da. 

Hona hemen zerbitzu honen bidez biltzen diren hondakinak: 
- Tresnak eta tamaina handikoak: altzariak, mahaiak, koltxoiak, somierrak, etab. 
- TEEHak: Tresna elektriko eta elektronikoak 
- Mota guztietako etxetresna elektrikoak.
 
Bilketa zerbitzua asteazkenero egiten da. 
Ezinbestekoa da gutxienez egun bat lehenago ondorengo telefonoetara deitzea: 661 835 251/945-290 390 

Basoen kudeaketa

Legutioko Udalak, Administrazio Batzarrekin lankidetzan eta AFAko Mendi Zerbitzuak gainbegiratuta, udalerriko Onura Publikoko Mendien (OPM) "Basoa Kudeatzeko Plana, iraunkortasun-irizpideekin" egin du. 

Plan hau egitearen helburu nagusietako bat da Legutioko mendi publiko guztien kudeaketa koordinatua eta ordenatua egitea, iraunkortasun-irizpideak kontuan hartuta, eta basoen erabilera garatzen saiatzea, naturatik gertu dagoen kudeaketa baten bidez. Honez gain, baso-kudeaketan klima-aldaketaren ikuspegia ere kontuan hartu da, baso-kudeaketak klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko egiten duen ekarpenaren ikuspegitik irtenbideak bilatzen saiatuz.

Eranskina Tamaina
Basoa Kudeatzeko Planaren laburpena (1.96 MB) 1.96 MB

Natura 2000 Sarea

Natura 2000 Sarea Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturaguneen sare bat da. Honako helburu komuna partekatzen dute naturaguneok: habitat eta espezie mota jakinak beren banaketa gune naturaletan egoera onean babestuta daudela bermatzea, horretarako berauek babestu eta kontserbatzeko gune bereziak sortuz.

Europar Batasuneko kontserbazio bitarteko nagusia da, eta, era berean, Sarearekin zuzenen lotutako giza populazioen garapen jasangarria bultzatzeko aukera ere eskaintzen du. Naturaren eta jarduera ekonomiko eta sozialen arteko oreka bultzatzen du, betiere Sarearen baitan dauden eremuetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu.

«Zadorraren sistemako urtegiak»43/92/EEE Zuzentarauaren I., II. eta IV. eranskinean jasotako hainbat habitat eta espezie ez ezik, zerrenda gorrietan edo autonomia edo eskualde mailako katalogoetan agertzen diren espezieak eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean bildutako hegazti-espezieen zerrenda luze bat ere topatu dira. Horrek guztiak ekarri zuen 2003an Europako Natura 2000 ekologia-sarean sartu izana, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL).

Zadorraren sistemako urtegien sare hidrografikoan hiru urtegi sartzen dira: Uribarri Ganboa (147 Hm3), Urrunaga (Santa Engrazia) (72 Hm3) eta Albina (6 Hm3), nahiz eta azken hori ez den «Zadorraren sistemako urtegiak» KBEan sartzen.

BLG honek 2.716,78 ha ditu eta 808,25 ha Legution daude

Zadorraren sistemako urtegiak eremua Euskal Autonomia Erkidegoko barrualdeko hezegunerik garrantzitsuenetakoa da, uretako espezieek negua igarotzeko eta ugaltzeko. Gainera, migrazio-ibilbideetan, hegazti askok atseden hartu eta elikatzeko gunetzat jotzen dute. Hegazti-faunaz gain, honako hauen presentzia azpimarratzekoa da: bisoi europarra (Mustela lutreola), igaraba (Lutra lutra), baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) edo apo pintatu iberiarra (Discoglossus jeanneae). Horretaz gain, naiadeak (Unio elongatus, Anodonta anatina eta Potomida littoralis) kontserbatzeko interes bereziko eremua da.

Flora dela eta, garrantzi berezia dute ur-bazterretan eta sakonera txikiko eremuetan «ur gaineko belardi» handiak osatzen dituzten hidrofitoek eta urperatutako landareek, batez ere Uribarri Ganboako urtegian.

Iturburua: Eusko Jaurlaritza

Eranskina Tamaina
Informazio gehiago (521.39 KB) 521.39 KB

Leguitioko kultur eta ingurune ondarea

Eranskina Tamaina
Sektoreak (2.03 MB) 2.03 MB
Paisaia unitateak (1.84 MB) 1.84 MB
Balio ekologikoa (1.85 MB) 1.85 MB

Gardentasuna

Ingurumenari buruzko informazioa zabaltzea: Indarrean dagoen araudiaren ondorioz ingurumenari buruzko informazioa zabaltzearen arloan sortzen diren eskubide eta betebeharrez gain, udalak urtez urte argitaratuko du atal honi dagokion informazioaren laburpena.  

Ingurumen-partaidetza: Indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-partaidetzaren arloan sortzen diren eskubide eta betebeharrez gain, Udalak aukera emango du interesdunek eta, oro har, herritarrek kontsultak eta iradokizunak egiteko, Udalaren webguneko herritarren postontziaren bidez. 

Ekintza publikoa: Indarrean dagoen arauditik ekintza publikoaren arloan eratortzen diren eskubide eta betebeharrez gain, Udalak ahalbidetuko du edozein pertsona fisikok edota juridikok kexak aurkeztu ahal izatea Ingurumen Ordenantza honetan adierazitako atalei dagokienez, udalaren egoitza elektronikoaren bitartez. Horretarako beharrezkoa izango da bertan alta ematea. Kexa eta/edo iradokizun bat egin nahi duten pertsona fisikoen kasuan, aurrez aurre erantzun ahal izango zaie Udalean, eta horretarako formulario bat jarriko da haien eskura.