Albertia mendiari bira

Deskribapena

Legutiotik Aramaiorako errepidea hartu eta Albina urtegiaren seinaleei jarraitu behar zaie. Bidegurutzea, herriko irteeran eskuinaldera aurkitzen da. Bostibaieta ibaia gurutzatu eta, hurrengo bidegurutzean, kotxea utzi behar da, handik ibilbidea oinez egiteko. Hori da ibilbidearen abiapuntua. 

Ezkerreko pista hartu, pasabide kanadar batetik para eta aurrera segi behar da, hurrengo bidegurutzera arte. Hortik eskuinera hartu behar da, ameztitik doan bide batetik barrena, Legutio hornitzeko ura dagoen deposituetaraino. Hortik, bide nagusitik jarraitu behar da, ia ikusezinak diruditen bideak eskuin-ezker utziz; garai bateko lubakiak dira. Basoan barrena segi behar da, beste bidegurutze batera iritsi arte. Bidegurutze horretan ezkerraldera hartu behar ez den bide bat irteten da, Albertia mendi gailurrera iristen dena. 

Bidegurutzetik 100 bat metrotara bide-zidor bat ezkerraldera aurkitzen da eta pare-parean, beste bidezidor bat irteten da eskuinaldera, Capiren kobazuloraino doana (260 bat metro). Ibilaldiak ezkerreko bidezidorretik jarraitzen du, amezti gazte bat zeharkatu eta pagadi batekin topo egin arte. 

Bide-zidorra bide bihurtzen da aurrerago eta Larragoiengo zelairaino iristen da; panoramika ederrak ikus daitezke hortik. Zelaian, ezkerrera jiratu behar da, Albertia mendira doan gorako bide bat ezkerrera utzita, eta berriro pagadian sartzen den bideari segi behar zaio, iparralderantz. 
 
Hurrengo bidegurutzean ezkerreko bidea utzi eta, berehala, Etxepare iturrira iristen da. Iturria, Etxepare izenez ezagutzen da, Etxepare izeneko pertsona batek konpondu zuelako musu-truk. Aipaturiko iturritik aurrera, bide nagusitik 425 metro egingo ditugu, bidea utzi eta ezkerrera hartu behar da, abiapuntua oso nabarmena ez duen beste bide batetik, baina aurrera egin ahala bidea gero eta markatuago dago. Bidegurutze honen 700 bat metrotara pagadi polit batean zehar doan bide hau, ezkerretik datorkion beste batekin bat egiten du. Ipar-mendebaldera jo eta argigune batera ateratzen da; harrobi zaharberritu bat dago hor. Bidea basoan sartzen da berriro hurrengo bidegurutzera heldu arte, harrobitik 1400 bat metrotara dago eta norabide berdina jarraituko dugu baina eskuineko pistatik, albina urtegiaren zaintzailearen garai bateko etxearen inguruetaraino iritsi arte. albinako urtegia pasa eta bideak ez du galtzerik deposituetarako igoerari ekin diogun bidegurutzera arte, eta hortik, bidea atzera eginez, abiapunturaino iritsiko gara. 

Ibilbideak zeharkatzen dituen tokiak

Legutio. Legutiok hiribildu titulua 1333tik du, orduan eman baitzion Alfontso XI.ak. Geroago, 1337an, Henrike II.ak hiribilduko jauntasuna eman zion Abendañotarretako bati, XVII. mendera arte; mende hartan berriz ere, Gaztelako koroaren esku geratu zen. Oraindik, han dago harresitutako gune zaharrera sartzeko ateetako bat: Kristoren Arkua. Legutioko parroki eliza San blasi eskainia dago, bere erretaula txurrigereskoa du, Sojotik ekarria, eta aurrealdea errenazentista da; dorrea, berriz, barrokoa. Herriaren oinetan Santa Engrazia urtegia dago eta, horri esker, herriak paisaiaren aldetik interesgarritasun handia du eta hainbat kirolezko eta aisiazko jarduera egin daitezke, nola arraun esparruan hala Zabalaingo atsedenlekuan, urtegiaren ertzean. 


Albertia mendia. 867 metro ditu eta Legutioren ipar-ekialdean dago. Mendiaren magalean ameztiak eta pagadiak daude eta herri-gunetik grtu dago; hori dela eta, inguruko biztanleentzat aisialdirako toki bihurtu da. Mendi horetan Gerra Zibilean egindako lubakien aztarna asko dago. 


Ur biltegiak. Albertia mendiko urez hornitzen da Legutio. Ur horiek hiru biltegitan biltzen dira eta biltegietatik herriaren panoramika polita ikusten da, Santa Engrazia urtegiaren ertzean eta Gorbeia mendia atzean duela Legutio. 

Pagadiak eta ameztiak. Albertia mendiaren hegoaldeko hegalean ametzak daude, zenbait gunetan pagoren bat tartean dutela. Iparraldeko hegalean pagoak dira jaun eta jabe eta tarteka-tarteka ageri diren pagomotzek garai batean ikazkintzan aritu zirela ematen digute aditzera. 


Larragoien zelaia. Ibilbideko hegoaldeko muturra da. Toloño mendilerroa, Gasteizko mendiak, Arabako Lautada, Urbina gaina, Santa Engrazia urtegia edo Larrabeako golf zelaia ikus daitezke hortik. Irailean herri erromeria izaten da; Albertia mendira igo eta Larragoiengo zelaian askaria egiten dute. 


Harrobia. Harrobi honetatik atera zuten albina urtegiko horma egiteko harria. Gaur egun zaharberritua dago. 


Albinako urtegia. urtegi hau, non Albina errekako urak biltzen diren, 1945ean bukatu zuten egiten, eta bukatu eta handik bi urtera jarri zen martxan. Ur horniketarako eraiki zen nagusiki. Bitxikeritzat har daiteke etxea reaikitzerakoan, leku hartan zegoen zuhaitz handi bat errespetatu egin zutela; ondo erreparatuz gero, zuhaitza etxearen beraren egituran txertatuta dago. 


Meategiak. Legutioko inguruan badaude zenbait metalazaleratze, hala nola, kobrea, berun-zinka eta burdina. XIX.mendearen bigarren hamarkadatik aurrera gogor aritu ziren material horiek ateratzen. Gehienak urte gutxitara bertan behera utzi zituzten, produktibitate eta errentagarritasun eskasa zela medio. 

Ibilbidearen luzeera: 8.205 m

Desnibela: desnibel handiena 240 m

Ibilbidea egiteko gutxi gora beherako denbora: 
 Joana: 2h 30’ 
 Etorria: 2h 20’ 

Zaintasuna: 
Oinez: baxua Kontuz ibili behar da bidegurutzetan, bide okerra ez hartzeko, ibilbidea erreferentzia gutxi dituen baso itxi batetik baidirau. 
Bizikletaz: baxua-ertaina. Ez dago arazorik bizikletaz egiteko. Hasieran aldapa nabarmena dago.  

Ibilbidea egiteko gomendagarrien den garaia: Edozein garaik ematen du aukera ibilbide polit hau egiteko.  

Eranskina Tamaina
Informazio liburuxka (5.11 MB) 5.11 MB