GR-38: Ardoaren eta arrainarena
ETAPA 4.A: Estíbaliz-Legutio
Etapa honek Estibalizko santutegia eta Legutioko hiribildua lotzen ditu. Bidean Arabako Lautada zeharkatuko dugu eta honek gorderik duen paisaiaren edertasunaz gozatu ahal izango dugu
GR 38aren etaparik gogorrena dugu hau. Estibalizko santutegia eta Legutioko hiribildua lotuko dituen 28 km inguruko ibilbidea. Bidez bide Arabako Lautada zeharkatzeko aukera eskaintzen digun ibilbide honek paisaiaren edertasuna eta urtegiek sortzen duten kontraste bitxiaz gozatzeko aukera emango digu.
0 km. - ESTIBALIZ Bidexka atsegin bat abiatzen da santutegi ondoko atsedenlekutik, tren geraleku ondotik pasatu eta errepidea zeharkatuta Oreitiako herrira jaisteko aukera emango diguna. Herrigune honetan interés handiko eraikuntzak aurkituko ditugu, XVI. mendeko jauregiak eta XIII mendeko eliza, besteak beste. Partzela artetik doa Oreitia eta Arbulu arteko bidea, aurrerago Uribarri-Ganboa urtegi ondoraino jarraituko duena. Bertan, paisaiaren edertasunaz gozatzeko aukera ezin hobea izango dugu. Erkametza nagusi deneko parajea zeharkatuta helduko gara Mendibilera. Mendibil eta Amarita arteko distantzia laburra Zadorra ibaiaren parean doan bidexkatik abiatuta egingo dugu.
16,2 km.- AMARITA Bidean Urrunagako urtegiaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera eskaintzen digun xenda estu batek hurbilduko gaitu Urbinagako tontorrera. Hemendik izen bereko herri ingurura jaitsiko gara. Bertan Vasco-Navarro trenbide zaharrarekin egingo dugu topo eta ibilbide honi jarraituz helduko gara Legutioko tren geltoki zaharrera. Eraikin bitxi hau Legutioko hiribildutik nahiko urruti dago. Bidezidor, bide eta errepideak zeharkatzen dituen 4 km-ko ibilbidea egin ostean helduko gara Legutiora, etapa honen bukaera puntura.
ETAPA 4.B: Legutio-Otxandio
Arabako lurraldean zehar burutzen ari garen txangoari bukaera eman eta Bizkaiko ataria den Otxandioko hiribildura heldu aurretik Albinako urtegia ederra eta Mirugain mendiko pago lepatuen baso zabalak ezagutzeko aukera izango dugu
Ia 10 km dituen etapa honek arabar lurraldeko Legutioko hiribildua eta Bizkaiko lurralde historikoaren atarian kokaturiko Otxandioko hiribildua batuko ditu. Bidean errekastoak, ehun urtetik gorako pago lepatuen basoak eta Albinako urtegi ezezaguna izango dira protagonistak.
km 0.- LEGUTIO. Gaur egun San Roke parkea den hilerri zaharrak eskaintzen digun panoramika ezin ederragoaz gozatu ostean Legutio atzean utzi eta Albinako urtegirantz joko dugu. Ibilbidea urtegira doan errepidetik doa hasieran baina laster hau alde batera utzi eta hilerrira igoko den bidezidorretik jarraituko dugu. Erkametz, landaketa, pago eta altzifre artean egingo dugu hilerri eta urtegia arteko ibilbidea.
3.km- ALBINAKO URTEGIA. Baso artean dagoen itsasoa balitz bezala azaltzen zaigu urtegiaren paraje paregabe hau. Urtegiaren ur azpian galtzen diren harlauza handi batzuk gogorarazten digute hemendik igarotzen zela Aramaioko bide zaharra. Baina guk urbazterretik jarraitu behar dugu, urtegiaren tarte bat inguratuz, harik eta errepidera hurbilduko gaituen bidezidorra hartu arte. Errepidea gurutzatu eta Mirugaineko igoerari ekingo diogu. Maldarik gabeko tarte baten ondoren ibilbideak behera egiten du apur batean, berriro ere gora egiteko, Tantaibakarreko tontorra eskuinean utziz. Mirugaineko gailurrerantz jarraitzen dugu, eta tontorretik gertu PR-BI 50arekin gurutzatuko gara. Mendiko ibilbide labur hau Otxandioko mugetatik doa, Basabisitta gogoratuz.
7,2 km.- MIRUGAIN. Alanbrezko itxidura batzuk zeharkatu eta ehun urtetik gorako pago motzen baso zabalean behera egingo dugu. Baso hauen enborretan oraindik ikusi daitezke gerra zibileko metrailen aztarnak. Jaitsiera luze baten ondoren ibilbidea baso artetik zabalgune batera helduko da. Puntu honetan pista albo batera utzi eta eskumara joko dugu, Iñolako errekastoa zeharkatu eta bidexka batetik Gorrien bidea izenaz ezagutzen den asfaltatutako bide batera heldu arte. Otxandiotik nahiko gertu gaude jada. Bertara heltzeko Olazar pagadia eta izen bereko erreka zeharkatu beharko ditugu, azken hau horretarako egokitutako zubi batzuei esker. Paraje honetan PR-BI 52arekin egingo dugu topo eta honekin batera helduko gara Vitoria-Gasteizko errepide zaharrera, lehenik San Roke ermita ondoko hilerriaren atzeko pagadi zaharra zeharkatuz. Uribarrena kaletik sartuko gara hiribildu zaharrera, bidean Urkiola ibai gaineko zubia zeharkatuz. Etapa Plaza Nagusian bukatzen da. Bertan aurkituko ditugu Otxandioko eraikin garrantzitsuenetako batzuk: udaletxea, Santa Maria eliza, frontoia, Vulcano iturria, bolatokia.
Eranskina | Tamaina |
---|---|
GR-38A: Estibaliz-Legutio - Ibilbidea (5.11 MB) | 5.11 MB |
GR-38B: Legutio-Otxandio - Ibilbidea (4.93 MB) | 4.93 MB |